28 plaza eskainiko ditu Ukrainatik lekualdatutako familiak hartzeko

Donostia eta Arrasateko San Juan de Dios zentroek bat egiten dute Ukrainatik etorritako familiei harrera egiteko programarekin, zeina San Juan de Dios Ospitale Ordenaren barruko Juan Ciudad Fundazioak koordinatzen baitu.

Guztira 28 plaza eskaintzen ditu: zortzi Gipuzkoako hiriburuan, eta gainerako hogeiak, berriz, Arrasaten.

Donostia, 2022ko maiatzaren 18a.– San Juan de Diosen Donostiako eta Arrasateko zentroek hartu dituzte harreran, jada, Ukrainan gerra piztu ondotik herrialde hartatik etorritako lehen 28 errefuxiatuak.

San Juan de Diosek bat egin du Ukrainatik etorritako familiei harrera egiteko programarekin. Juan Ciudad Fundazioak koordinatzen du programa hori, eta sustatu, berriz, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak estatu osoan.

San Juan de Dios zentroa arduratuko da 28 plaza horiek kudeatzeaz eta koordinatzeaz. Horietako zortzi Donostiako zentroan eskainiko dira, eta gainerako hogeiak, berriz, Arrasaten. Bi zentrook San Juan de Dios Ospitale Ordenak Espainiako hainbat tokitan antolatu duen proiektuaren parte dira. Programa hurrengo sei hilabeteetarako dago aurreikusita, eta luzatu ahal izango da, gatazkaren bilakaera eta jatorrizko herrialdeko egoera kontuan hartuta.

«Pertsona horiek egoera izugarri dramatikoa bizi dute, eta hasiera-hasieratik iritzi genion errefuxiatuen esku ipini nahi genituela gure instalazioak, baina, batez ere, gure hospitalitate-espiritua eta gure eginkizunean daukagun jakintza profesionala eta gizatiarra», azaldu du Asier Juan proiektuaren koordinatzaileak. «Egundoko erronka izan da dispositibo hori denbora errekorrean martxan ipintzea, baina ziur gaude horixe bera dela gure egitekoa une honetan, eta ziur gaude, era berean, lortuko dugula pertsona horietako bakoitzari konpainia oso onean dagoela sentiaraztea», gaineratu du.

Bana-banako harrera integrala

Ostatuaz eta mantenuaz gainera, harreran hartutako familiek bana-banako arreta integrala izango dute. Horregatik, programaren koordinatzaileak parte hartuko du harreran, baina baita gizarte-langilez eta interpretez osaturiko talde multiprofesional batek ere. Harrera-programan ekarritako pertsonen ongizatea eta gizarteratzea lortzea da helburua.

Ondorengo beste fase batean gaztelania-eskolak jasotzen eta adingabeen eskola-integrazioa prestatzen hasiko dira; izan ere, pertsona horiek denbora pixka batean geratzea aurreikusten da, printzipioz behintzat. Aldi horretan, arreta psikologikoa, prestakuntza eta lanerako laguntza ere jasoko dute, bizimodua atera ahal izan dezaten.

San Juan de Dios zentroetan bi gela indibidual, hamabost logela bikoitz eta guztientzako egonlekuak daude. Horretaz gainera, eskura izango dute zentroko garbitegi- eta sukalde-zerbitzua ere.

«Ukrainako larrialdia»

Era berean, San Juan de Diosen Ospitale Ordenak «Ukrainako larrialdia» izeneko kanpaina abiarazi du, premiazko laguntza eskatzeko. Laguntza horren helburua da San Juan de Diosen Ordenak Ukrainako Drohobytx hiriko zentroko eta Poloniako bost zentroetako anaiei laguntza helaraztea, arreta soziosanitarioa eta premiazko laguntza ari baitira ematen gerratik ihesi doazen ehunka pertsonari.

Arrasateko eta Donostiako San Juan de Dios ospitaleak

Helburu nagusia da laguntza integrala eta integratua eskaintzea buruko gaitzak dituztenei, eta komunitateko zaintzaren jarraipena sustatzea, San Juan de Diosen Ordenaren balioak oinarri hartuta jardunez. Arreta psikiatrikoan dugun ereduagatik barnean eta kanpoan aintzatetsitako erakunde bat izan nahi dugu, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan arreta psikiatrikorako zerbitzu-sare bat eskaini.

Lanean dihardugu gure jardueretan erakunde aparta izateko, eta baliabideak eta gaitasunak modu eraginkorrean kudeatzeko. Hala, emaitzek erakundearen etorkizuna eta profesionalen, gizartearen eta, batez ere, bezeroen gogobetetasuna bermatuko dituzte.

HOSPITALITATEA da gaixoei eta behartsuei gizarte- eta osasun-arloetan laguntzeko gure balio nagusia. Laguntza integral eta humanizatua sustatzen du balio horrek, eta kalitatea, errespetua, erantzukizuna eta espiritualtasuna ditu gidari.

San Juan de Dios Ospitale Ordena.

San Juan de Diosen Ospitale Ordena irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakunde bat da, eta haren eginkizuna da behartsuenak sendatzea eta zaintzea; arretaren erdigunean kokatzen ditu pertsona horiek, eta kontuan hartzen du haien dimentsio fisikoa, psikologikoa, soziala eta espirituala.

Ospitale-ordenak ia 500 urteko esperientzia du gaixorik eta gizartetik bazterturik dauden pertsonak zaintzen eta babesten, eta bere konpromiso sanitario, soziosanitario eta sozialari jarraitzen dio, haren sortzaile San Juan de Diosek izan zituen balio berberetan inspiraturik; hau da, goitik behera aldatzea premia handiena duten pertsonenganako arreta, eta gizakia duintzea, edozein izanik ere haren egoera.

San Juan de Diosen hospitalitate-kontzeptuak muga guztiak gainditu ditu. Espainiako San Juan de Diosen probintziak 80 zentro ditu (sanitarioak, sozialak, soziosanitarioak, ikastetxeak eta ikerketa-zentroak), eta ia milioi eta erdi pertsona artatzen dituzte urtean.

180 anaiak, 15.000 profesionalek eta ia 3.500 boluntariok osatzen dute sarea, baita emaile eta ongile ugarik ere.

San Juan de Diosen nazioarteko jarduna bost kontinenteetan dago presente, eta 405 zentro ditu: 37.700 ohe edo plaza baino gehiago eskaintzen dira horietan. Horretarako, 65.000 profesionalek 35 milioi lagun baino gehiago artatzen dituzte urtean. Horretaz gainera, ordenak 1.020 anaia eta 25.300 boluntario baino gehiago ditu.